lunes, 18 de octubre de 2010

Mulholland Drive, by David Lynch

Behin, frantzeseko irakaslearekin zinemaren inguruan berba egiten ari ginela, David Lynch izena agertu zen. Niri ezezaguna egin zitzaidan izen hura, eta irakaslea harrituta gelditu zen. "Zu ez al zaude ikus-entzunezko komunikazioa ikasten, ala? Ba zuzendari hau, nahi ta nahiez ezagutu behar duzu". Gauzak horrela, klasea izan genuen hurrengo batean haren DVD bat ekarri zidan. "Beharbada ez zaizu gustutako, edo nork daki... oso film berezia da. Ezberdina. Beste ikuspuntu batetik egina... baina ikusi, ikusi behar duzu". Eta atzo, igandea zela, manta hartu, sofan etzan, eta arreta handiz filmea ikusteari ekin nion. 


Mulholland drive izenekoa, Naomi Watts da pertsonaia nagusia, nahiz eta hasieran beste emakumea pertsonaia nagusia dela pentsatu (Laura Elena Harring). Nire irakasleak esan zidan bezala, pelikula berez oso arraroa da, baina bere "gauza" dauka. 
Badirudi dena ulertzen dela, ez dagoela zailtasun handirik haria galtzeko... baina une batetik aurrera, hasieran izandako suposizioek ez dute ezertarako balio. Nolabaiteko aldaketa dago ikuslearen jarreran. Izan ere, pertsonaia nagusia zena (edo behintzat hori pentsatzen dena), bigarren plano batera doa, eta beste batek aurrekoaren lekua betetzen du. Horrek darama ikuslea pentsatzea ez duela deus ere ulertu. Harrigarria da istorioa. Ikuspuntu arrazional batetik, ez dago filmearen zentzua lortzerik. Berriz, instintoa edo sena kontuan hartuz, gauzak aldatzen dira. Dena den, beti gertatzen den bezala hedabideen aurrean gaudenean interpretazioaren aniztasunak daude. Eta hori da, hain zuzen ere, filme honek duen koska. Interpretatzeko gaitasun handia ematen duela. Amaiera borobila badauka ere, filmaren xehetasunak norberaren arabera eraiki daiteke. Eta horrek filma harrigarria egiten du. Originala.  
Merezi du ikusteak. Benetan. Baita berrikustea ere (nik hori egin beharko dudala uste dut...). 


Hemen uzten dizuet filmaren pasarte bat. Nire ustez, bereziena. Planoen trataera oso zainduta dago, musika, jarraikortasuna... Sekuentzia bikaina, betiere nire ikuspuntutik. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario